Temas > Movilizaciones 2004

Akordioa lortu dute Nafarroako suhiltzaileek eta partzuergoak

Lan hitzarmena lau urtekoa da eta %7ko soldata igoera izanen dute
 

Berria, 2004ko ekainaren 5a.

 

Hamar orduko negoziaketen ondoren, Nafarroako suhiltzaileen ordezkari sindikalek eta patzuergoko zuzendaritzak akordioa lortu zuten atzo goizaldean. Hitzartutako lan hitzarmena lau urtekoa da, eta denbora horretan %7ko soldata igoera izanen dute suhiltzaileek.

 

Goizaldeko 04:00etan sindikatu guztiek sinatutako akordioa langileen batzarrak onetsi zuen atzo goizean. Beraz, hasi behar zuten gose greba bertan behera gelditu zen, eta lanari ekin zioten. Akordioaren arabera, lehen bi urteetan, 2004 eta 2005 urteetan, soldata igoera %2,5ekoa izanen da. Hurrengo bi urteetan, berriz, igoera %1koa izanen da baina produktibitateari uztarturik. Orotara lau urtean %7 igoko zaie soldata. Halaber, akordioak babes klausula bat jaso du, suhiltzaileak Administrazioko mahai orokorreko soldata igoeretan egonen direla zehazten duena. Baina baldintza batzuekin onartuko da hori. Lehenengo bi urteetan Administrazioko mahai orokorreko soldata igoeretan sartuko lirateke, baldin eta neurriak langileen %80an baldin badu eragina. Hurrengo bi urteetan berriz, langileen %51 baino gehiagorengan eragingo du.Mahai orokorreko soldata igoeran sartzeko eskaera zen suhiltzaileen aldarrikapenetako bat eta ekintzak gogortu egin zituzten mahai orokorreko %3ko soldata igoeratik at utzi zituztela jakin zutenean. Horretaz gain, Gobernuak onartu du formakuntzan eta segurtasunean lan gehiago egitea. Urtean 40 orduko trebakuntza eskainiko zaie suhiltzaileei, orain arte 30 ordu bakarrik zituztenean. Halaber, Gobernuak hiruhilero suhiltzaileen ibilgailuak eta tresneria ikuskatuko ditu segurtasuna bermatzeko. Alta, suhiltzaileek ez dute Gizarte Segurantzak eskaintzen duen jubilazio handiena jasoko, eta dituzten bizitza eta istripu aseguroak hobetzeari uko egin diote. Suhiltzaileek urtean 23.800 euro eta 32.600 euro arteko soldata dute, eta 59 egun lan egiten dituzte 24 orduko lanaldiekin.Bi aldeak pozik, Javier Caballero Barne sailburuak grebak ez zuela «izateko arrazoirik» esan zuen.

 

VOLVER

 

C/ Pedro I 4 Trasera - 31007 Pamplona (Navarra) - Tfn: 948254786 / 948196040 - Fax: 948254786 - sua@bomberosdenavarra.com