|
Zerbitzua gelditzeko prest daude suhiltzaileak
Berria, 2004ko maiatzaren 29a.
Iruñean
eta Gasteizen kaleratu dira, lan baldintza hobeak eskatzeko
Nafarroa,
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako suhiltzaileak lan baldintza hobeak eskatzeko
kalera atera ziren atzo. Iruñean, Foru Erkidegoko suhiltzaileak Foru
monumentura igo ziren Administrazioko gainerako funtzionarioen pare jartzea
exijitzeko. Gasteizen berriz, Ama Birjina Zuriaren plazan elkarretaratzea
egin zuten lanbide profesional «duina» aldarrikatzeko.
Nafarroako suhiltzaileek astelehenetik daramate egunero lau orduko lanuzteak
egiten. Suhiltzaileen partzuergoko ordezkariek Administrazioko negoziazio
mahai orokorrean C mailako langileei onartzen zaien %3ko soldata igoera
suhiltzaileei ere emateko eskatu zuten asteazkenean. Izan ere, langileok C
mailan daude. Erantzunik ez jasotzean, «ezetza» dela arrapostua ulertu du
lan batzordeak. Victor Rubio partzuergoko bozeramaileak atzo esan zuen
astelehenetik aurrera protesta ekintzak «gogortu» eginen dituztela eta, «zerbitzua
gelditzeko prest» daudela. Dena dela, ez zuen zehaztu zertan gauzatuko diren
ekintzak. Atzo, Foruen monumentuan elkarretaratzea egin zuten ehunen bat
suhiltzailek eta, Javier Caballero Barne sailburuari «gezurti» deitu zioten.
Ondoren, Nafarroako Gobernuaren egoitza aurrera joan ziren, adostutakoa
betetzeko exijitzeko.Nafarroako suhiltzaileek maiatzaren 3tik 17a arte iraun
zuen lanuzte partziala egin zuten aurretik. Hasiera batean %15eko soldata
igoera eskatzen zuten. Negoziatzen hasi zirenean %7ko igoera adostu zuten.
Alta, suhiltzaileek batzarrean proposamena ez onartzea erabaki zuten,
Administrazioko negoziazio mahai orokorrean C mailarako onartu %3ko igoera
ez zitzaielako beraiei aplikatu nahi.
Lege
aldaketak
Gasteizen berriz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako suhiltzaileek Larrialdien
Kudeaketarako Legearen aldaketa eskatzeko proposamena aurkeztu zuten Eusko
Legebiltzarrean. Suhiltzaileek eskatzen zaien titulazioa egiten duten lanera
egokitu behar dela diote. Orduan suhiltzaileari oinarrizko ikasketak
eskatzen zitzaizkion. Baina lanbideak azken urteotan izan dituen aldaketak
aintzat hartuz, prestakuntza hobea behar dutela iritzi diote.
VOLVER |