Temas > Movilizaciones 2004

Zerbitzuaren «heriotza» antzeztu dute Nafarroako suhiltzaileek

 

Berria, 2004ko maiatzaren 18a.

 

Sindikatuak, hamabost eguneko lanuzte partzialak egin eta gero, gaur bilduko dira Barne Saileko zuzendaritzarekin: asteon akordiorik lortuko ez balute protestak gogortu eginen dituztela iragarri dute.

 

Berrehunen bat suhiltzailek partzuergoko zerbitzuaren «heriotza» antzeztu zuten atzo Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean. Iragan astean hautsitako negoziazioak, gaur hasiko dituzte berriro sindikatuek eta Barne Sailak. Asteon lan hitzarmenean akordiorik lortzen ez badute, protesta neurriak gogortu eginen dituztela iragarri zuten langileen ordezkariek.

 

Suhiltzaileak Carlos III Etorbidean barrena desfilatzen iritsi ziren Nafarroako Jauregira. Desfilearen lehen lerroan hilkutxa zekarren laukotea, zerraldoaren gainean partzuergoaren uniformea eta kaskoa zituzten kokatuta. Atzetik, segizioari erritmoa markatzen hileta martxa jotzen zuen musika banda. Gobernuaren egoitza atarira iritsi zirenean, hilkutxa atea aurreko lurrean kokatu zuten eta, zerraldoa inguratzen zutela, zeramatzaten kaskoak utzi zituzten. Ondoren, banan bana, Gobernuko erregistrora sartu ziren prestakuntzarik ez duten lanetan aritzen direla esaten duen salaketa idatzia erregistroan uzteko.

 

Eskaintza serioa nahi dute

 

Victor Moreno, suhiltzaileen partzuergoko bozeramaleak gorpuaren egoera ez dela ona azpimarratu zuen. «Hainbat ikerketak esaten dute suhiltzaileen partzuergoko osasuna ez dela ona. Urteak daramatzagu arazo berak pilatzen. Asteon suhiltzaileen zerbitzu serio baten oinarriak ezartzen dituen eskaintza ez badago, zerbitzuaren heriotza izanen da», ohartarazi zuen. Zerbitzua suhiltzaileen borondateagatik mantendu dela esan zuen Rubiok, eta egungo lan baldintzetan ez daudela lan egiten jarraitzeko prest adierazi zuen. «Suhiltzaileek bakarrik tiratzen dugu zerbitzutik, baina ez dugu tiratzen jarraituko bigarren mailako funtzionarioak bezala hartzen gaituzten bitartean», kritikatu zuen. Iragan astean etendako negoziazioei berriro ekingo diete gaur. Hitzordua 09:00etan dute Gobernuaren egoitzan Jose Ramon Rabade Barne saileko zuzendariarekin. Akordiorik ezean, protesta ekintzak gogortu eginen dituztela iragarri dute. Maiatzaren 3tik egunero lau orduko lanuzteak egin dituzte suhiltzaileak lan hitzarmen «duina» eskatzeko.

 

Nafarroan dauden 400 suhiltzaile inguruk lan baldintza hobeak eta trebakuntza gehiago eskatzen dituzte. Langile batzordeak iaz lortutako akordioa betetzeko eskatu dio Gobernuari. Akordio horren arabera, suhiltzaileei %18ko soldata igoera dagokie. Halaber, partzuergoak prestatuta ez dagoen zerbitzuetan ari behar duela salatu dute sindikatuek. «Trebakuntza falta da. Prestatuta ez gauden lanetan jartzen gaituzte», gogoratu zuen Rubiok atzo.

 

VOLVER

 

C/ Pedro I 4 Trasera - 31007 Pamplona (Navarra) - Tfn: 948254786 / 948196040 - Fax: 948254786 - sua@bomberosdenavarra.com