Temas > Movilizaciones 2004

Foru Poliziak indarrez atera ditu suhiltzaileak Parketik

Istiluetan hainbat suhiltzaile kolpatu eta zauritu zituzten poliziek

Gara, 2004ko ekainaren 1a.  

Suhiltzaileen Parkeko bulegoetan itxialdia egiten ari ziren 200 bat suhiltzaile indarrez ateratzen saiatu zen atzo Foru Polizia, eta istiluak gertatu ziren atzo goiz zein arratsaldez. Polizia oldartu egin zitzaien suhiltzaileei, eta zauritutakoak ere izan ziren. Hiru aste daramate greban Nafarroako suhiltzaileek, soldata igoera eta prestakuntza eskatzeko. 

7.00etan sartu ziren suhiltzaileak Iruńeko Suhiltzaileen Parkera, ostirala arte bertan itxialdia egiteko asmoz. 12.00ak aldera, Foru Polizia bertan sartu zen.  

Enpresa batzordeko kide batek GARAri kontatutakoaren arabera, orduan 200 bat suhiltzaile zeuden bulegoetan sartuta, eta Polizia indarrez ateratzen saiatu zen. Tentsiouneak izan ziren, eta suhiltzaileak presio mahukarekin saiatu ziren poliziakideak uxatzen. «Guk erresistentzia pasiboa egin dugu, baina poliziakideak bortxaz aritu dira», adierazi zuen.

 

Tirabira une batzuen ondoren, poliziakideekin indarka ibili ziren eta hainbat suhiltzaile zauritu zituzten, kolpeekin. Haietako bat zorabiatu egin zen eta Parkean bertan anbulantzia batean artatu zuten.

 

Egoera okertzera zihoala ikusita, suhiltzaileek berek bulegoetatik ateratzea erabaki zuten eta Poliziak 13.00ak aldera alde egin zuen.

 

Arratsaldean, ordea, Polizia itzuli egin zen eta teilatura igo ziren 50 bat suhiltzaile bertatik jaisten saiatu zen. Enpresa batzordeko kideak egunkari honi kontatu zionez, poliziakideak gela eta txoko guztietara sartzen saiatu ziren, teilatura igo ahal izateko, eta horretarako mazoak erabili zituzten itxita zeuden ateak irekitzeko. Lanean ari ziren suhiltzaileak hori ekiditen saiatu ziren eta poliziakideek borraz kolpatu egin zituztela salatu zuten. Arratsaldeko azken orduan, teilatuan jarraitzen zuten eta Foru poliziakideek teilaturako sarrera itxita zuten. Haietako batek teilatuetako batean zegoen ikurrina bat kendu zuen.

 

Nafarroako suhiltzaileek 3 aste daramatzate greban, soldata igoera eta prestakuntza hobea eskatzeko. Ostiralera arte itxialdian egoteko asmoa dute, baina horrek ez dio zerbitzuari eragingo, lanean ez daudenek egingo baitute.

 

ELAk salatu egin zuen gertatutakoa, eta Caballero sailburuak lan gatazka bat ordena publikoko arazo bat bihurtu nahi duela esan zuen. LABek ere gogor salatu zuen Poliziaren karga, eta Nafarroako Gobernuari suhiltzaileen eskaerei «arduraz» erantzuteko eskatu zion.

 

Nafarroako Salbamendu Zerbitzuko presidente Juan Ramon Rabadek gaitzetsi egin zuen suhiltzaileen jarrera, eta «lan egiteko eskubide konstituzionalaren aurkako erasotzat» jo zuen bulegoetan sartu izana.

 

VOLVER

 

C/ Pedro I 4 Trasera - 31007 Pamplona (Navarra) - Tfn: 948254786 / 948196040 - Fax: 948254786 - sua@bomberosdenavarra.com